PROIEKTUAK
TXORI KANTAZALE

Txori kantazale emanaldiak parentesi bat proposatzen du, geldialdi labur bat eguneroko bizitzan, Leteren obran atseginez murgiltzeko eta haren hitz eta musikekin beste behin hunkitzeko.

USKOLA - OTXOA DE ALAIZA

Mikel Uskola kontratenorak eta Joana Otxoa de Alaiza pianistak elkarrekin duten proiektua.

TANGUEDIA ENSEMBLE

Astor Piazzollaren musikaz gozatzeko abagune bat.

TXORI KANTAZALE

Xabier Leteren figura (1944-2010) ezaguna eta estimatua da Euskal Herriko txoko guztietan. Poeta handia izan zen, eta bere abestiak, garai hartako beste kantari askorenak bezala, euskaldunon oroimen kolektiboan geratu dira. Zalantzarik gabe, interes literario, musikal eta kultural handiko obra da Leterena. 

 

Txori kantazalek piano doinuak eta hitza uztartzen ditu. Leteren unibertsoan elkarrekin sartzeko aukera bat eskaintzen du, eta obra hori barruragotik berrezagutzekoa.

 

Ordubeteko narrazio etengabe bat da emanaldiaren ardatza. Bide horretan, Leteren abestien berrinterpretazio landuak eskaintzen ditugu, baita haren gustuko melodiak ere. Bere testuen artean ibiltzen gara, poema ezagun nahiz ezezagunei erreparatuz. Eta Leteren bizi-ibilbidea ebokatzen dugu. 


Ez dugu Txori kantazale espektakulu gisa ulertzen, Leteren barne-munduan elkarrekin murgiltzeko enkontru bat bezala baizik. Izan ere, Joana Otxoa de Alaizak Leteren unibertso poetikoa pianoaren zuri-beltzera eraman du, eta sortu duen musikak poeta kantariaren ildoan jartzen gaitu. Alex Gurrutxagaren azalpen eta errezitazioek laguntzen digute bidean aurrera egiten.

USKOLA - OTXOA DE ALAIZA

Uskola – Otxoa de Alaiza duoa 2020ko udazkenean sortu zen, ahots eta pianorako literatura jorratzeko helburuarekin. Maciej Pikulski maisuarekin sakondu dute duo gisa.


Errepertorio zabala jorratzen dute, barrokotik hasi eta XXI. mendera artekoa. Nolanahi ere, eskainitako programek, normalean, gai nagusi batean oinarritutako ibilbide bat proposatzen dute.

TANGUEDIA ENSEMBLE

Tanguedia Ensemblea 2021ean sortu genuen laukotea da: Víctor Parra biolinean, Iván Casado biolontxeloan, Naiara de la Puente akordeoian eta Joana Otxoa de Alaiza pianoan.

 

Astor Piazzollaren obra esanguratsuak interpretatzen ditugu, ordubete inguru irauten duen kontzertuan.

 

Tangoa irauli zuen konpositorearen munduan murgiltzea dugu helburu, publikoak haren musikaz goza dezan.